Martxoaren 22an, euskararen aldeko manifestazioa Iruñean, 17:30ean Antoniutti Parketik
Manifestua:
Euskaraz bizi nahi dugunok hemen, Nafarroan, gero eta
oztopo gehiago dugu Nafarroako Gobernuaren aldetik. Euskaraz ari garenok arrotz
gisa tratatzen gaitu gobernuak, eta desagerrarazi nahi gaitu, gure lurretik
bota. Ahaztu dute, nonbait, euskara dela “Lingua Navarrorum”.
Nafarroako Gobernuak euskarari dion amorrua argi ikusten
da honetan eta hartan, behin eta berriz, hartzen dituen erabakietan, egiten
dituen adierazpenetan eta bere hizkuntza politikan. Adibide gisa, hor dugu bidegabekeria zerrenda luzea: euskarazko irakaskuntza zabaltzearen kontra
Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioa erabiltzea, D eredua kakazteko ahaleginak
(Guardia Zibilaren sasitxostena), elkarbizitzaren aitzakian D ereduko
ikastetxeen funtzionamendua erdaldundu nahia, Nafarroan ETB sare digitalean
ikusteko debekua eta isunak (haurrak euskarazko marrazki bizidunik gabe erdaraz
biziarazteko), Euskal Herria irratiari lizentziarik ez emateko trikimailu
lotsagarriak, herrietako euskarazko komunikabideak diru-laguntzarik gabe uztea,
udalerrietako euskara zerbitzuak bezala, euskal eremuko udalerrietan hainbat euskaraz jasotzea galaraztea (liburutegietan, osasun-etxeetan euskaraz ez dakiten langileak jarrita),
herriak sortutako euskaltegiak itotzea diru-laguntzarik gabe uztea...
Indarrean dagoen Euskararen Lege eskasak ezartzen duena
bera ere ez du betetzen hainbat arlotan, eta lege horren hainbat atal murriztu
egin ditu, egin daitekeen garapenik kaltegarriena eginda.
Honen guztiaren aurrean, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza
politika itxuragabe hau tinko eta ozen salatzen dugu; euskaldunok hemen gaudela
erakutsi nahi dugu, eta eraso zerrenda amaigabeari bukaera emateko eskatzen
diogu Gobernuari. Halaber, euskararen aldeko benetako hizkuntza politika
eraginkorra aldarrikatzen dugu. Horrelako hizkuntza politika zuzen batek
ekarriko baitu hizkuntza normalizazioa, eta horrek bermatuko du euskaldunon
euskaraz bizitzeko nahia. Nafarroa luze-zabal guztian euskaraz bizitzeko gero
eta indartsuagoa den nahi hau.
Azkenik, dei egin nahi dizuegu zuetako bakoitzari eta
euskal komunitate osoari dinamika sozial indartsua abian jartzera, euskaraz
bizitzeko behar diren pausoak emanez. Pertsonak izanen gara aldaketaren gakoa:
euskara erabiliz bizitzaren arlo guztietan, espazioak euskaldunduz, euskara
ikasiz, euskaldun bezala harro agertuz.
Nonahi eta noiznahi, euskaraz!
GUREA LINGUA NAVARRORUM!! EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU!!!