2013ko Azaroaren 28an aurkeztu zuen Ernaik lehen urrats feminista Donostiako Kafe Antzokian "Izenetik izana, bagoaz urrats feminista ematera!" lelopean.
Horretarako bideorri gisa erabiliko duten Kaiera liburuxka ere
jendarteratu zuten. Ez zen aurkezpen soil bat izan, baina: prozesu horrek
mugimendu feministari egiten dion ekarpenaz eztabaidatzeaz gain, egungo
borroka feministaren erronkei buruz solasteko ere aprobetxatu zuten
zita bertan bildu zirenek. “Aberasgarria izan zen bidailagun feminista
ezberdinen arteko iritzi eta esperientzia saltsan murgiltzea”, adierazi
dute.
Urratsa auzora iritsi da jada, beraz borroka feministak interesa pizten dion orori luzatzen zaio larunbata honetan otsailak 8 arratsaldeko 17:00etan Auzotegin agertzeko gonbitea.
Solasaldiaren aurretik jarri zuten Mari Luz Estebanen “Eskapan” olerkiarekin egindako bideoa:
Bideo honetan bildu dituzte aurkezpen solasaldian izan ziren lagun batzuen iritziak:
Ernairen oharra:
Zukgua prozesuan gazte antolakunde feminista ginela aldarrikatu
ostean, aldarri hori mamituko duen barne prozesu feminista abiatuko dugu
orain herriz herri. Lau urteko barne prozesu baten diseinua eginda,
lehenengo urratsari hasiera ematera goaz. Eta lehenengo urrats honekin,
gure barrenak astindu nahi ditugu: gure jarrerei, gure arteko harreman
ereduei, hizkerari… erreparatu eta Euskal Estatu Sozialista eta
Feminista eraikitzeko subjektu iraultzaile bilakatu. Baina maila
indibidualetik harago, prozesu feministarekin lortu asmo dugu
antolakundearen funtzionamendu eta jardueran eragitea; finean, balore
feministetan oinarritutako militantzia eredu bat izan dezagun.
Guzti hori lantzeko, Kaiera izango dugu tresna lagungarri. Bertan,
barne prozesu honen garapenerako ariketak eta eduki ezberdinak biltzen
dira. Hemendik aurrerakoa gutako bakoitzaren esku dago. Kaiera hartu,
gozatu, eraldatu… pentsatu eta ekin!