2013/02/25

Kontuz!-eko hitzaldiaren kronika

Jende dexente bildu zen Kaskallueta elkartean, gazteak zein nagusiak, Txantreako Gazte Mugimenduak Kontuz! elkartearekin batera burutu zuen hitzaldi-eztabaidan. Horretarako Patxi Zamora Kontuz!-eko bozeramailea izan genuen gure artean. Halako hitzaldi bat gazteok antolatu izana eskertu zuen Patxi Zamorak eta Los Trileros Forales dokumentala ikusi ondoren Kontuz!-i buruz eta elkarteak korrupzioaren aurka daraman lanari buruz aritu zen. Entzuleen galderei erantzun zuen eta daramaten ikerketa lanaren inguruko hainbat datu eta gertakari interesgarri eman zituen, Nafarroan boterean dagoen klase politikoa nolakoa denaren ideia bat eman zigutenak eta noraino erraza zaien batzuei printzipioz denona den diru publikoa poltsikoetan sartzea konfirmatu zigutenak.

Dokumentala ikusi ez baduzu, ikus ezazu, gauzak nola dauden eta boterean dauden txorizoen inguruko ideia argi bat ematen baitu (eta hiru dokumentaletatik lehena besterik ez da)Youtuben ikusgai daukazu Los Trileros Forales.  Genio txarra egiten baduzu, seinale on! Baina ez ezazu irentsi eta gorde, aprobetxa ezazu egoera hau aldatzeko, Patxik esan zuen moduan kontsumitzaile elkarte batek Nafarroako elitea hain urduri jartzea lortu badu egoera benetan alda daitekeen seinale baita.