Otsailaren 16an, 9:30ak aldera abiatu ginen 25 bat gazte Txantreako Gazte Mugimenduko Kultura eta Aisia lantaldeak antolaturiko lehenengo ateraldira: Beloki mendira. Eguzkiak gogoz jotzen zuelarik iritsi ginen autoz josiriko aparkaleku batetara. Larunbat goiza, elurra eta eguzkia, Nork ez luke bertan egon nahiko? Arropa aproposa jantzi, mendiko botak, polainak, berokia, motibazioa... ta ibilbideari ekin genion. Bidexka bat zegoen elurraren artean izozturik, nahiko irristakorra, beraz, hainbat ipurdiko ikusteko aukera ere izan genuen egun osoan zehar. Tipi-tapa, tipi-tapa oso malkartsua ez zen tartea eginda aldapei ekin genien, ordu eta erdi oinez ibili ondoren iritsi ginen gailurrera. Talde osoaren argazkia atera eta ikuspegi paregabeaz gozatuz, hamarretakoa jan genuen.
Gero, jetsierako bidea hartu genuen baina noski, ez ginen oinez jaitsi, irristaka baizik malda txirrista erraldoi bat izango balitz bezala; Baziren buruz bera botatzen zirenak, xira trineoaren antzera erabiltzen zutenak, eta ilusio osoz bota, kriston zanpatekoa hartu eta metro bakarra aurreratzen ez zutenak ere. Barre algaren eta ipurdikoen artean lortu genuen gune maldatsua igarotzea. Iristeko gutxi geratzen zelarik Gazte Mugimenduko Euskara taldeak joku bat zuen prestatuta. Hainbat kartulina zati bilatzean zetzan eta bertako galderekin hausnartu, eztabaidatu eta erantzutean. Honelako galderak topatu genituen: zer da zuretzat euskalduna izatea? Zer eragozten digu Euskeraz normaltasunez mintzatzea? Hain erraza dirudien joku hau ez zen hain erreza izan. Ematen genuen urrats bakoitzean hankak belauneraino sartzen genituen elurrean trabatuta geraturik, hortaz, taldekide guztioi hiru metro desplazatzea kosta egiten zitzaigun. Azkenik, Txantreara itzuli ginen txokolate beroak zain baikintuen, mmmmmmmm!
Goiz polita izan genuen, oso gustura egon ginen giro paregabean eta gainera eguraldiak lagundurik! Honelako beste baten zain utzi gaituzue Kultura eta Aisia… beraz, hurrengorarte!