Badator elkartasun astea, Martxoaren 20tik 25era.
[IRAKURKETA]
Elkartasun astea martxoaren 20tik 25era burutuko den auzo dinamika bat dugu. Elkartasun astea, izenak berak adierazten duen bezala auzoko preso politikoei auzo moduan elkartasuna adieraztea du helburu. Auzoko preso politikoak bizi duten espetxealdi, dispertsioa zein espetxe politikaren kontra gaudela adierazteko aterako gara kalera.
Gaur egun 9 preso politiko ditugu auzoan, 7 Espainiako kartzeletan preso, 1 Frantzian preso eta beste bat etxean preso.
Txuma Altable 1994.urtetik dugu preso, gaur egun Castellonen. Santi Aragon 2001. urtetik, gaur egun, Logroñon. Alberto Viedma 2002. urtetik, gaur egun, Almerian. Patxi Ruiz 2002.urtetik, gaur egun, Murtzian. Xabi Perez 2005.urtetik, gaur egun, Cordoban. Joseba Lerin 2007.urtetik, gaur egun, Cadizen. Joseba Fernandez 2010.urtetik, gaur egun, Osnyn. Mikel Gil 1992.urtean atxilotu zuten, 2009. urtetik aurrera etxean preso.
Agerikoa da gehienak urrun dispertsatuta daudela, izan ere, 11904 kilometro egin behar dituzte astebururo joan itzulian haien senide eta lagunak hauek bisitatu ahal izateko. Horrek suposatzen duen gastu ekonomikoarekin. Gehienak kondena luzeak dituzte eta honi gehitu behar zaio ezarrita duten salbuespen legedia (FIES...). Gainera espetxetik irtetean diru laguntzak kendu eta gaitasungabetzeaz inhabilitazioak ezarri ohi dira kondena gehiago luzatuz.
Auzokide, eragile zein espazio ezberdinen konpromezu txikiei esker aurrera eramanen den egutegi batek beteko du astea. Presoen gaia auzora hurbildu, haien egoera sozializatu, salatu, zein etekin ekonomiko bat ateratzea bilatuko da. Horretarako, txirrindula martxa bat, manifestazioa, bazkaria, kontzertuak etab burutuko dira aste horretan zehar.
Dinamika honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu. Eta honekin batera, gatazkaren konponbidearen arloa jorratzera gonbidatu nahi dugu auzoa. Gure herriak bizi izan duen eta bizi duen gatazkan kritikoak izatera, memoria lantzera eta honen ondorio diren preso politikoen egoeraren aurrean auzo bezala erantzun bat lantzera eta aurrera eramatera.
Gatazkaren konponbidea osorik emateko preso politiko guztiak etxean beharko ditugu. Horretarako eta baita presoen egungo errealitatea gainditzeko denok gara beharrezkoak, herritarron borrokaren bidez ekarriko baititugu etxera.
Azken presoa etxean izan arte borrokan jarraituko dugu eta hori lortzeko ezinbestekoa da auzo guztiaren konpromiso eta ekarpena.
Konpromiso txiki zein handi, guztion indarraz lortuko dugu presoak etxeratzea. Txantrean nahi ditugulako, jarri gaitezen lanean hau gauzatzeko!
TXANTREAN NAHI DITUGU