2014/05/03

#TxantreakoJaiak Gazte Egunean, eraso sexista ere gogoan




Atzo Txantreako gazteak auzoko jaietan murgildurik Gazte Eguna ospatzen aritu ginen. Eguraldi lainotsuak ez gintuen goizean auzoan barna txokoz-txoko ibiltzea oztopatu eta eguerdian 600 gazte baino gehiagorentzako bazkaria antolatu genuen. Bazkari erraldoia benetan!

Jaietan murgildurik egon arren, ezin genuen ahaztu auzoan gertaturiko erasoa eta horregatik, bazkaldu baino lehen Txantreako Gazte Mugimenduak gertatutakoaren irakurketa bat egin zuen, ez Festalekuan, ez Txantrean eta ez inon ez ditugula eraso sexistarik onartuko adierazteko eta erasotzaileak gure artean nahi ez ditugula ozen esateko!

Bestalde, bazkarian ere, auzoko gazteriari uda honetako Gazte Kanpaldia aurkeztu genuen, Air Gaztekanpaldi parodia dibertigarriarekin. Ziur gaude uda honetako Gazte Kanpaldia aurrekoa baino are hobeagoa izanen dela, beraz auzoko gazte guztiak gonbidatzen ditugu Abuztuaren 1, 2 eta 3an Uitzin eginen dugun Gazte Kanpaldiko hegaldira igotzera!

Bazkalostean, zapi berdea lepoan jantzita, Gazte Jiran joan ginen auzoko karrika eta enparantza ezberdinetatik eta 19:00etan musika itzali eta Larekiko errotondan eraso sexisten aurkako kontzentrazioarekin bat egin genuen. 

Jaiak nahi ditugulako, baina elkarrekiko errespetuan eta guztiok disfrutatzeko!

Txantreako Gazteria Aurrera!