2016/03/30

KONPROMISO EGUNA

Ernai gazte antolakundeak hurrengo astebururako egitarau oparoa antolatu du, euskal preso politikoak etxeratzeak duen premia aldarrikatzeko helburuarekin. Apirilaren 1ean Euskara Plazan hasiera eman eta apirilaren 2an Akelarre Kultur Elkartean kontzertuekin amaiera emango diote.
Ekimen honek hurrengo egunetan burutuko diren beste hainbat mobilizazioei hasiera emango die.

Ernairen oharra:
Euskal Herrian 394 preso politiko daude eta horietako 12 Txantreakoak dira. Ezin ahaztu, badira oraindik ere hamaika kide deserrian bizitzera kondenatuak. Preso eta iheslariak herri honek bizi duen gatazka politikoaren parte eta ondorio diren heinean, konponbide prozesuan ezinbesteko agente dira; konponbidearen bidean dispertsioarekin amaitzeak dauka lehentasuna. Euskal preso politikoen dispertsioak euren agente izaera ukatzen du elkarrekiko, senide eta lagunekiko eta Euskal Herriarekiko isolamenduaren bitartez. Gainera, euren senide eta lagunak zigortu asmo ditu.
Gatazkaren konponbidea osorik emateko preso eta iheslari politiko guztiak etxean beharko ditugu. Horretarako eta baita presoen egungo errealitatea gainditzeko denok gara beharrezkoak, herritarron borrokaren bidez ekarriko baititugu etxera.
Denak ala inor ez leloak dioen moduan, azken preso eta iheslaria etxean izan arte borrokan jarraituko dugu eta hori lortzeko ezinbestekoa da gazte guztion konpromiso eta ekarpena. Konpromiso txiki zein handi, guztion indarraz lortuko dugu preso eta iheslariak etxeratzea.