2016/03/02

Elkarrizketa: “Aurtengo erronka nagusia gazteei beste bizi eredu bat eskainiko dieten alternatibak eraikitzea da”

Alternatibak

Txantreako Gazte Mugimendua gazteak gazte bezala konpartitzen dituzten problematikak lantzen dituen kolektiboa da. Adin, perfil eta interes ezberdinak dituzten auzoko gazteek osatzen dute eta problematika horiek ezagutarazi eta salatzen dituzte, hauei aurre egiteko alternatibak eraikiz.
Bertako partaideek Gazte Mugimenduaren egoeraren inguruan eta 2016. urteko erronkei buruz hitz egiten dute

-    Hasteko, nola sortu zen Gazte Mugimendua eta nola antolatzen zarete?
            2011. urtean auzoko gazteriaren egoeraz jabetzeko gazte diagnostiko bat egin genuen. Bertan atera ziren emaitzek gazteak bildu eta gazte problematiken inguruan eztabaidatzeko beharra zegoela zioten et  2012ko maiatzean Gazte Topaketak egin eta bertan erabaki zen egungo Gazte Mugimendua sortzea.
a horregatik, hain zuzen ere,
            Une honetan 8 lantaldek osatzen dute Txantreako Gazte Mugimendua: Aisialdia, Mahai Kulturala, Lan Mundua, Etxebizitza Tx, gazteen kritikotasuna sustatzen duen Garunak Astintzen lantaldea, Euskara, Ikasleak eta Komunikazioa. Honetaz gain, badira Gazte Mugimenduaren partaide guztiak elkartzen garen hainbat gune. Eta badira ere auzoko gazte eta koadrilekin harremanak izateko beste espazioak, jaien gazte egitaraua pentsatu eta prestatzeko Koadrilen Asanblada bezala.


-    Beraz, ikasturte bukaeran Gazte Mugimenduak 4 urte beteko ditu. Nolako bilakaera izan du sortu zenetik gaur egun arte?
            Hiru urte eta erdi urte oso aberasgarri izan dira, gure hasierako asmoak eta antolatzeko moduak moldatzen joan gara lanean hasi garen heinean.
Gainera, hiru urte eta erdi hauetan partaide berriak eta baita belaunaldi berriak batu dira eta honek ideia eta aire berriak ekarri dituzte.




-    Horrenbestez, positibotzat jotzen al duzue Gazte Mugimenduak orain arte egin duen jarduna?
            Zalantzarik gabe. Urtez urteko esperientziak hobe nola antolatu ikasten lagundu digu, errealitatea hobeki ulertzen eta sistemak gazte garen heinean zein muga jartzen dizkigun hautematen.
Gainera, gero eta gehiago gara auzoan antolatzen garen gazteak, hori oso aberasgarria da, eta auzoari egiten diogun ekarpenari garrantzitsua dela deritzogu.

-    Eta gazteriarengan aldaketarik nabaritu al duzue azken 4 urteotan?
            Bai, dudarik gabe esan genezake komunikazioan aldaketarik handiena egon dela. Informazio
asko jasotzen dugu uneoro eta gure artean komunikatzeko era guztiz aldatu da ere.
Halere, gazteok auzoan dugun presentzia ikaragarria da eta gure erronka Gazte Mugimendua are indartsuago egitea da, uste baitugu Txantreako gazteria gai dela sistema zapaltzaile honi aurre egiteko eta denon artean alternatibak sortzeko.

-    Zeintzuk izan dira orain arte egindako dinamikarik garrantzitsuenak?
            Egia esan era askotako dinamikak egin ditugu urte hauetan zehar, baina batzuk aipatzearren hauek azpimarratuko genituzke: 2012ko Gazte Topaketak nola ez, etxebizitza topaketak eta Emantzipazio Bulegoaren sorrera, auzoko kultur egunetarako koadrilekin osatzen dugun Gazte Egitaraua (jaietako 500 gazteko bazkari erraldoia, kasu), udan egindako hiru Gazte Kanpaldiak, prozesu feminista, ikasle mobilizazioak, Baratxan baratzaren sorrera, etxebizitza eskubidearen aldeko dinamika (Uharte 24 kasua, maiatzean egindako Auzoa Besarkatu giza katea) eta beste asko.

-    Uharte 24ko kasuari dagokionez, oihartzun handiko kasua izan zen. Nola dago une honetan?
            Kasua ez da amaitu. Oraindik ere Gazte Mugimenduak eta auzoak etxebizitza eskubidearen alde egitea ezinbestekoa da. Gogoratu behar da Uharte kalean dagon etxea Nafarroako Gobernuaren dela eta 8 urte zaramatzala hutsik, inongo erabilerarik gabe.
Pasa den ikasturtean Nafarroako Gobernuak desalojo prozesua hasi zuen eta ekainean usurpazio delitua egoztera ere iritsi ziren. Epaiketa irailaren 17an hasi zen, Nafarroako Gobernu berriarekin hitz egiteko prozesua hasi genuen eta pasa den hilabetean etxean bizi den gazteari usurpazio delituaren horren egozpena artxibatu zen.
Hala ere, desalojo arriskua egoten jarraitzen du prozesu hori ez delako eten eta aurrera doalako, beraz, auzoari adi egoteko deialdia luzatzen diogu.

-    Aurtengo ikasturteari begira, zeintzuk dira aurtengo lan-ildo nagusiak?
            Alde batetik, aurtengo erronka nagusia gazteei beste bizi eredu bat eskainiko dieten alternatibak eraikitzea da. Horretarako, lantaldeek alternatiba horiek bideratzen lagunduko duten proiektuak definituko dituzte. Emantzipazio Bulegoa, etxebizitzaren gaiarekin adibidez, martxan dago jada, baina beste gaiekin lotuta proiektuak plazaratuko ditugu, euskararekin, lan munduarekin, aisialdiarekin, kulturarekin...
Bestalde, Gazte Mugimendua sendotzeko lanean ibiliko gara (estrukturalki zein formatiboki) hurrengo ikasturtean behin proiektuak martxan izango ditugula auzoko gazteria une garrantzitsu batean egonen dela aurreikusten dugulako. Hala ere hurrengo ikasturteko une horretaz hitz egiteko goiz da oraindik.
Honetaz gain, gazteriarekiko harremana eta komunikazioa hobetu nahi dugu, funtsezkoa dela uste baitugu.


-    Hara, ez da gutxi. Proiektu horien nondik norakoren bat aurreratzerik ematen ahal diguzue?
            Noski. Aisialdiaren gaiari dagokionez, 11-15 urteetako gazteei bideraturiko aisialdi proiektu bat jarri nahi dugu martxan. Kulturaren gaia lantzen duen Mahai Kulturalak, egungo kultura ereduaren inguruan eztabaidatzeaz gain, auzoko data kulturaletan gazte egitaraua txertatuko du auzoko koadrila ezberdinen parte hartzearekin.
Garunak Astintzen taldeak lantzen duen gaiarekin lotuta, hausnarketarako eta eztabaidarako espazio bat ere sortuko dugu. Lan munduari dagokionez, uste dugu lehenik eta behin auzoko gazteen egoera sozioekonomikoa ongi ulertzea ezinbestekoa dela alternatiba bat martxan jartzeko eta diagnostiko horretan ibiliko gara.

Etxebizitzaren gaiarekin, lehen aipatu dugun Emantzipazio Bulegoa martxan dago jada eta bere jarduerarekin aurrera jarraituko du, banketxe eta administrazioen etxeen okupazioa landuko duen Asanblada Okupa sustatzen eta TX Zero alokairu soziala beste alternatiba bat bezala ere jorratzen.

Euskarak auzoko gazterian duen presentzia ikusita, euskara ez dakiten gazteei dohako euskara klaseak eskainiko dizkien Gazte Euskaltegia sortuko dugu eta gazte euskaldunentzako euskara tarteak prestatuko ditugu. Ikasle mugimenduari dagokionez, iaz sortutako eta ikasleak, gurasoak eta irakasleak biltzen dituen Hezkuntza Mahaiari jarraipena emango zaio, LOMCEri plantoa emateko asmoarekin.
 
Azkenik, momentu honetan ditugun komunikazio tresnak erabiltzen jarraituko dugu Gazte Mugimenduaren jardueraren berri emateko (gure webgunea: txgaztemugimendua.blogspot.com, sare sozialak eta auzoko eragile ezberdinen bideoak barnebiltzen dituen TX Telebista kanala Youtuben) eta gazteon problematikekin harremana duten hainbat eduki zabalduko ditugu.

-    Amaitzeko, ze mezu zabaldu nahi diozue auzoko gateari?
            Gazte bezala hainbat problematik amankomun konpartitzen ditugu. Gainera, problematika amankomun horiek larritu egin dira azken urteotan eta garaia da guk geuk alternatibak sortu eta sinisten dugunaren alde egiteko. Alternatibak sortzea posiblea da, horretarako sortu zen orain dela 3 urte Txantreako Gazte Mugimendua, auzoko gazte ezberdinak bildu eta problematika amankomunei erantzun amankomunak emateko.

Espazio irekia eta dinamikoa da Gazte Mugimendua eta auzoko gazteok osatzen dugu. Beraz parte hartzera animatzen zaituztegu, alternatibekin sisteman zirrikituak egitera eta azken finean gure buruaren jabe izatera!