Abenduaren 6a jai egun arrotza da gure
egutegietan; Espainiar konstituzioaren eguna. Erregimen frankistaren haustura
eman beharrean, erreformaren alde egin zuen 1978.urtean espainiar estatuak.
Euskal Herria herri gisa ukatu eta Espainiaren estoldetan kateatzen gaituen
konstituzioari ezezko borobila eman zioten herritarrek. Espainiar Estatuaren
ohikoa den jarrera inposatzailearekin, herriaren hitza ukatu eta bertako legeaz
jazarri gintuzten.
Gaur egungo gazteok ere Konstituzio beraren
baitan kateatuak jarraitzen dugu, ezarri zenetik 36 urte pasa ostean eta
inolako erabaki eskubiderik gabe. Francoren lekua Juan Carlos borboiak hartu
zuen eta egun bere seme Felipe VI.ak hartu berri du testigua. Erreforma ala
haustura. Espainiar Estatuak hasi du bere prozesua; aurpegiak aldatuz
erregimenaren aldaketa irudikatu nahi dute, helburua ordea erregimena bere
horretan mantentzea da. Guk ere ordea, egin dugu gure hautua; Gu bagoaz! Ez
dugu inolako erreformarik onartuko, guk gure bideari ekin diogu eta gure
erabaki propioak hartu eta gauzatzera goaz.
Eguneroko txinaurri lanarekin eta
desobedientziarekin soilik lortuko dugu Euskal Herria eta herritarrak geure
buruaren jabe izatea. Bide honetan, ozen diogu ez dugula abenduaren 6an zer
ospatu, bai ordea zer aldarrikatu: Abenduak 6 independentzia eguna!
Gauzak horrela, abenduak 6 independentzia
eguna ospatu zen iruñerrian. Auzoan hasi genuen eguna bukatzeko iruñera
abiatuz.
Auzoan,
ezker abertzalearen ibilbidearen lehen zatiaren formakuntza saioa izan genuen. Bertan, 20 bat gazte bildu
ginen ariketa baten bitartez ibilbide luze baten hausnarketa bultzatuz eta
azkenik irakurketa sakonago bat landuz. Gazteak aktiboki parte hartu zuten,
ariketen eta ponentzien bitartez gaia landuz. Goiz osoa iraun zuen saioa, honen
ostean iruñean burutuko zen bazkarira gonbidapena egiten.
Beraz, eguerdian Iruñera bideratu zen
eguna, ikasle abertzaleak zein Iruñerriko Ernaik antolatutako egutegira batuz.
Bazkaria ostean manifestazioa burutu zen, sanfranzisko enparantzatik hasita
ehunka gaztek Iruñeko kaletan zehar jarraitu zuten ibilbidea. Manifestazioaren
bukaeran ekitalditxo bat burutu zen, irakurketa eta bertso batzuk plazaratuz.
Honen ostean, egunak jai giro bat hartu zuen. Gazteak iruñeko kaleetatik barna
ibili ziren elektrotxarangaren atzetik eta azkenik egunari bukaera emateko
kontzertu batzuk burutu ziren.
Txantreako Ernai