2018/06/01

Neska* gazteen baterajotzea ekainaren 16an Arbizun


Euskal Herriko neska* gazteon topaketak eginen ditugu ekainaren 16an Arbizun. Egun osoko egitaraua egonen da: tailerrak, mahainguruak, hitzaldiak, bazkaria, kontzertuak…
Ez da zerotik abiatzen den zerbait. 2016ko abenduan Euskal Herriko gazte mugimenduen autogestio topaketak egin ziren Barañainen. Bertan mila gaztek baino gehiagok parte hartu genuen, eta ildo desberdinetan eman genituen eztabaida eta hausnarketak. Horietako bat zen feminismoa, eta 200 neska* gazte baino gehiago elkartu ginen asteburu horretan zehar.
Proiektu desberdinak proposatu eta atera ziren aurrera GaztEraikiren ondoren. Adibidez, iaz lehenengo aldiz egin ziren gazte udaleku feministak (aurten berriz eginen direnak) eta taldeetan lantzeko talde-osasun gida. Hilabete hauetan zehar hausnarketa desberdinak ematen jarraitu dugu: militantzia eredua, neska* gazte taldeak, diskurtsoa, mugimendu feministan eta gazte mugimenduetan dugun papera, borrokarako tresnak…
Goizean zehar hainbat tailer eta hitzaldi egonen dira, militantzia kulturari, iruditegiari, talde-osasunari eta beste gai batzuen inguruan. Eguerdian mahainguru orokor bat eginen da, ekarpen desberdinak batuko dituena. Ondoren, bazkaria izanen dugu*, eta bazkalostean kontzertuak.
Hausnarketa kolektiboak ematen jarraitzeko, gure artean saretzeko, Euskal Herriko txoko desberdinetan egiten ari garen lanketak ezagutzeko, korapilo zaharrak askatu eta berriak sortzeko, ezinbestekoa dugu espazioak konpartitu, proposamenak egin, elkarrekin saretzea.
Euskal Herriko neska gazteok batera ekingo diogu, Arbizun elkartuko gara!

@EH_NeskaGazteak
FB: Euskal Herriko Neska Gazteak
feministagazteak@gmail.com


*Bazkarirako txartelak hemen daude salgai, 10 eurotan: Irurtzunen (Pikuxar), Uharte Arakilen, Lakuntzan (Sorginak), Arbizun (Arrauts), Bakaikun, Iturmendin (Ximona gaztetxea), Urdiainen (Kaluxa), Altsasun (Biltoki eta Lezea), Olaztin (Barandi) eta Ziordian (gaztetxea).