2018/05/03

Txantrean hezkuntza duinaren alde

Gaur arratsaldean "Txantrean hezkuntza duina" dinamikak Txantrea Plazan prentsaurrekoa burutu du Nafarroako Gobernuaren froga diagnostikoak eta PISA azterketak salatzeko eta auzoan martxan jarriko diren dinamiken berri emateko. 

IRAKURKETA

(euskaraz)
Prentsaurreko honetan Txantrean orain dela gutxi sortu den dinamikaren berri eman nahi dizuegu. Txantreako ikastetxeek egun pairatzen duten prekarietatea eta babes faltarekin kezkaturik, auzoko zenbait guraso, irakasle, ikasle eta auzokideek iniziatiba hartzea erabaki dugu eta gure artean antolatu egin gara. “Txantrean hezkuntza duina” sortu dugu. Gure helburuak dira hezkuntza komunitatearentzako elkargune bat sortzea eta Txantreako ikastetxeen kalitatearen aldeko dinamikak egitea. 

            Gure lehenbiziko jarduera hauxe da: Nafarroako Gobernuaren froga diagnostikoei eta PISAri planto egiteko dinamika. Gure ustez, hezkuntza sistemaren ebaluaziorako mekanismo horiek, eragin homogeneizatzaile eta merkantilista dakartzate, LOMCEren helburuekin bat eginaraziz eta ezagunak zaizkigun errebalidak ezartzeko aurreko pausu bat dira:
-        Homogeneizaziorako eta zentralizaziorako tresnak direlako. Heziketa prozesuan jasotako edukien zati txikia eta zehatza ebaluatzen dute, ikasgai instrumentalen edukia nagusiki.
-        Eredu linguistiko, heziguneen eta ikasleen arteko lehiakortasuna sustatu eta sailkapena eragiten dute.
-        Azterketak egiten diren errealitate sozial, ekonomiko, kultural zein norbanakoena aintzat hartzen ez duelako.
-        Ebaluazio sistema merkantilizatu eta zirkuitu ekonomikoan ipintzen du. Enpresa pribatuek arlo hau kudeatzen dute eta beraien interes ekonomikoei begira egiten dute.
-        Urteetako ikasketa prozesua ordu gutxi batzuetan neurtzen delako. Prozesuan eskuratutako gaitasun eta jakintza guztiak ez ditu aintzat hartzen; pentsamendu kritikoa, iniziatiba pertsonala eta sormena adibidez.   

            Dinamika honen baitan, asanblea informatibo bat burutu genuen apirilaren 12an Bernart Etxepare eskolan, bertan gure ikuspuntua azaldu genuen hainbat hezkuntza eragileekin batera. Gero, apirilaren 17, 18 eta 19an, DBHko 2. mailako 17 ikasleek planto egin diete Nafarroako Gobernuaren froga diagnostikoei, oztopoak eta xantaiak pairatu behar izan arren.

            UPN/PPren gobernuek hezkuntza sistemaren kalitatea modu nabarmen hondatu ondoren: LOMCE inposatu, ratioak igo, ordezkapenak 15 eskola egunetara atzeratu, irakasleen lan-baldintzak prekario bihurtu, irakasleen behin-behinekotasuna, ikastetxeetarako aurrekontuen murrizketa... “Aldaketaren gobernuaren” jarduteko modua harrigarria gertatzen zaigu, urteetan UPN/PPko gobernuek eragindako txikizioa konpondu ez ezik, froga diagnostikoak ezartzen jarraitzen du, hezkuntza eragileekin inolako adostasunik izan gabe.
   
            Arrazoi hauengatik, Apirilaren azken 15 egunetan eta maiatzean auzoan sinadura bilketa bat egiten ari gara, Nafarroako Gobernuari eskatzeko, hezkuntza eragileekin adostasunetara heldu beharra duela eta bitartean ez dezala froga diagnostiko gehiagorik egin. Sinadurak LHko 6.mailako azken azterketa egin bezperan aurkeztuko ditugu.
            Gainera, LHko 4.eta 6.mailako froga diagnostikoei eta DBHko 4.mailako PISA frogei plantoak prestatzen jarraitzen dugu. Gonbidapena luzatzen dizuegu hezkuntza komunitateko partaide orori eta auzokideei eskaera sinatzeko, plantoetara bertaratzeko eta dinamika laguntzeko.  

Txantrean Hezkuntza Duina