"Beraz, horrelakoak lantzeko tutoretza orduak soilik uzten dira, normalean astean ordubete. Gainera, sarri betetzen dira ordu horiek beste gai batzuei buruzko eduki teorikoz (adibidez, sexualitatea landu eta antisorgailuen sailkapen bat egin, bakoitzaren ezaugarri eta alde positibo eta negatiboekin). Kasu zehatz hori Eunateko DBH 3. mailako klasean bizitakoa da; sexualitatea lantzea guztiz beharrezkotzat jo behar dugu, baina ez genuke hain era despertsonalizatuan egingo, hau da, era hurbilago eta kritikoago batean egitea proposatu beharko genuke: egunero sortzen diren arazoei buruzko eztabaidak eman, genero rolei buruzkoak, maskulinitate eta feminitate hegemonikoei dagozkien jarrerak aztertu, harremanatzeko moduari buruzkoak, gizarte kristauak jartzen dizkigun mugak eta estereotipoak aztertu, plazerra sentitzearen beharraz hitz egin, komunikazioaz hitz egin, nork bere burua onartzearen inguruan, hegemonikoak ez diren izaerak ez kriminalizatzea, eta abar luze bat."
Parlebaszalea