Iturria: euskalerriairratia.eus
ISA EGIGUREN. Cheikhouna Senegalgo gazte bat da. Hamar urte baino gehiago pasa dira
patera batean Kanariar irletara iritsi zenetik. Oraindik gogoratzen du
CIE batean atxilotuta igaro zituen asteak, baita nola sentitu zen askatu
zutenean ere, eta nola ibili zen herriz herri Iruñera iritsi arte.
Orain dela hilabete batzuk, poliziak kalean geldiarazi, paperak
eskatu eta berak ez zituela erantzun zuenean kanporatze agintea jarri
zioten.
Baina Cheikhounak Txantreako kuadrila dauka. Eta hori ez da gutxi,
izan ere lagun talde horrek kanporatze aginte horri aurka egitea erabaki
du. Batez ere, senegaldarrak apirilean epaiketa bat duelako eta prozesu
honetan paperen gaia eztabaidatuko delako. Bere abokatuak dioenez,
tira-bira honetan irabazteko aukera ederrak omen ditu, aurretik
kondenarik ez duelako, Caritasen eta Gurutze Gorrian laguntzen duelako
eta, batez ere, bere bizitza Nafarroan duela egiaztatu ahal delako.
Administrazioak, apirila iritsi baino lehen kanporatzen badu, Alutxeko CIE ezagunera bidaliko du eta handik Senegalera.
Modu horretan euren herrialdetara itzuli behar izaten dutenek, euren
familiengandik ez dute harrera onik jasotzen. Egoera gogor horri, lana
bilatzeko aukerak ere txikiak direla gehitu behar zaio, beraz, euren
buruak bakarrik topatzen dituzte eta dirurik gabe, Nafarroara itzultzeko
aukerak ere txikituta. Gauzak horrela, bere koadrila martxan jarri da
eta larunbatean, SOS Arrazakeriarekin eta auzoko hainbat elkarterekin
euren kezkak azalduko dizkigute. Ni Arriurdiñeta plazan egongo naiz
larunbatean goizeko 11ak aldean Cheikhounaren koadrila entzuteko, eta
zu?