Gazteria saretu, harremanak egin eta gazteak
ahalduntzea helburu, beste urtez ospatu da Txantreako Gazte Kanpaldia.
Orain arte Uitzin egin da kanpaldia eta aurten, formatu berri batekin,
Allotzeko urtegia izan du kokaleku.
Leku
aldaketaz gain, hainbat berrikuntza izan ditu aurtengo kanpaldiak.
Adibidez, lehenbiziko eguna Garisoain herrian pasatzea edota kanpaldian
zehar proba ezberdinen bidez jokaturiko Kolunpiadak. Bost talde, bakoitza bere izen, banderola eta guda ohiuarekin proba ezberdinak
egin eta puntuak lortzeko. Hala ere, berdinketa bikoitza egon zen
sailkapenean, Konpiadak oso berdinduak izan zirelaren seinale.
Bestalde, Auzoa ezagutzen tailerraren
bidez auzoan egondako hamaika borroka ezagutu genituen, eta nola gaur egungo auzoko esparru anitz herri mugimenduaren
borroken ondorio direla (gaur egungo Bernat Etxepare ikastetxea
aurretik egondakoen eta euskararen aldeko borrokaren ondorio, Andraize
herri mugimendutik sortua eta Estatuan aintzindari izan zela, Irubide
parkea, Olentzero, Egunsenti haur eskola, Euskaltegia, Auzolan
aldizkaria eta bere aurretik egondakoak, Txantreako Jaiak eta pairatu
izan dituzten hainbat oztopo, Herri Parkearen lorpena, etxebizitza
eskubidearen
aldeko mugimendua eta Auzoa Besarkatu giza katea…). Beste motako
tailerrak ere egin genituen, Nolakoa da mundua? tailerra, pentsamendu
hegemonikoa eta pairatu eta baita burutzen ditugun zapalkuntzen
ingurukoa, Hartu emanak? deituriko harremanen inguruko eztabaidatxoa eta bestetan ere egindako birziklapen tailerra eta xamurtasun
tailerra.
Eguraldiak lagundurik, urtegian bainatzeko, jolas ezberdinetara jolasteko eta elkarrekin
ondo pasatzeko aukera pila ere izan genituen, aspertzeko denborarik
eduki gabe, egunerokotasunean egiten ez ditugun gauza asko egiteko
aukera baitaude Gazte Kanpaldian.
Ikasturte berria berezia eta ezberdina izango denez, honi begira asanblada orokor pare bat eginen dira eta horietako batean kanpaldiaren argazki eta bideoak ikusiko ditugu. Lehena abuztuaren 9an ospatuko da, parte hartu nahi duen ororentzat irekia. 19:30tan izango da, Auzotegin.