2016/02/24

Hasi da Txantreako Gazte Euskaltegia!



Otsailaren 20, larunbatean eman zion hasiera gazte mugimenduak auzoa, euskaldun berrietatik hasita euskaldundu nahi duen proiektuari. Lau hilabetez proiektuaren aurrebaldintzak (parte hartzaileak, material didaktikoa, baldintza fisikoak...) biltzen jardun ostean, lehen klaseari ekin genion. 6 izan ziren bertaratutako ikasleak; aurretik lotuta genituen 3, eta, gure pozerako, euren parte hartzearen berri lehendabizikoz gaur izan dugun beste 3.
 
11:00tarako minutu batzuk falta zirela, auzotegiko kanpoaldean aurkitzen ginen esperoan klasea ematea egokitzen zitzaigun euskara taldeko bi taldekide, lehen bi proiektukideak urreratu zaizkigunean. Bi aurpegietatik bat ere ez ezagun, betidaniko ematen zuen, ordea, tratuak. Belarritik belarrirako irribarrez, ilusio epel bat zerien gure hitzei, jatorri ezberdinetako ahoetatik. Espainiako hegoaldetik bat, alboko auzotik bestea, norabide bakarra aurkitu genion berehala proiektuari: euskararen altxorra giltzapeko kutxatik, gure auzotik lau haizeetara zabaltzea, perfil eta fonetika anitzak bide.

Jarraian bertaratu ziren gainontzeko kideak, auzokideak hauek, baina euskararen hedadura maila personal zein sozialean zabaltzeko asmo ez gutxiagorekin. Hala, denak bilduta, barrura egin genuen, proiektuaren zutabeak egikaritzera. Proiektua denon zeregin bilakatze aldera, beronen azalpen bat egin genuen hasteko. Behin kokapena eginda, bada, larunbateko 11:00tako zereginari heldu genion, euskara ikasteko klaseei, alegia:
Hasteko, aurkezpenak nola egin ikasi genuen. “Ni Bea naiz” edo “nik Kiko dut izena” formulekin klasekideei gure burua aurkeztuz, ulertzeko zailtasunak genituenetan “ez dut ulertu, astiroago errepika dezakezu, mesedez?” –en gisako defentsa-mekanismoak eginez, arbeletik zein gure ahoetatik jasotzen genituen ekoizpenak gure koadernotxoetan papereratuz, ikasketa prozesuko lehen urratsak eman genituen, lehendabizikoak besterik ez zirelakoaren jakitun.

Hala, datorren astean berriz elkartuko gara: otsailaren 27an, 11:00tan, Auzotegin. Otsailaren 20ko saioari jarraipena eman asmoz, azkeneko saioan eskuratutako edukien errepasoa eginen dugu klase hasieran, eta azkenekoaren gaineko dinamikak sortuko, euskararen ikasketa prozesuan gure gaitasunak garatze aldera; mugiezinetik ateratzen gaituen lehen urratsetik, euskararen bideetan korrika, salto eta nahi bezalako erritmoz ibili ahal izateko ahalmena eskuratzerarte!

Ez birritan pentsatu, eta zatoz zu ere!