EMANTZIPAZIOA OKUPAZIOAZ HARATAGO
Auzoko gazteen artean egindako topaketa batean identifikatu zuten horren beharra, gazteen %73k independizatu nahi bai, baina horretarako aukerarik ez zuela adierazi baitzuen. Bertan erabaki zuten etxebizitza eskubidea bermatzeko euren kabuz antolatzea beste irtenbiderik ez zutela. “Administrazioak, eta are gutxiago enpresa pribatuek, ez gaituzte lagunduko eskubide hori garatzen, gure eskubideak murrizten diren heinean hazten baitira haien irabaziak. Gure ustez, etxebizitza eskubidea sendotzeko modurik egokiena arazoari erantzun kolektibo bat ematea da”. Geroztik, etxebizitza faltari irtenbidea aurkitu nahi dionak Txantreako Auzotegi Kultur Etxera jo dezake astelehen arratsaldez, emantzipazio bulegoaren aholku eta laguntza jasotzeko.
Okupazioa eta alokairu prekarioa
Proposatzen duten irtenbideetako bat, okupazioa da, eta horretarako aholkularitza teknikoa eta juridikoa eskaintzen dute. Etxebizitzarena eskubidea den neurrian, batez ere bankuenak eta instituzioenak diren etxe hutsak okupatzea zilegi dela aldarrikatzen dute. Gero eta gehiago dira bide hori hautatu dutenak, eta auzotarren babesa ere badute, kaleak betetzen dituzten bandera arrosek erakusten duten moduan. Okupen asanblada bat ere badago jada egoera horretan daudenek bide hori hartu nahi dutenei lagun diezaieten.Beste alternatiba bat ere lantzen dute, adostasunetik abiatzen dena. Bigarren etxebizitza huts bat duten auzotarrekin negoziatzen dute, zerbitzuren baten truke, etxebizitza hori behar duenari utz diezaioten: etxea berritzea, seme-alabei klase partikularrak ematea…
Helduena ere baden arazoa
Txantreako Emantzipazio Bulegoa gazte mugimenduaren tresna da, baina oso ongi dakite etxebizitza duinaren falta ez dela soilik gazteen arazoa. Horrenbestez, gazte zein helduentzako bitartekoak eskaintzeko ahalegina egiten dute, eta horrez gain, harreman estua dute arazo beraren kontra borrokatzen ari den auzoko beste eragile batekin: Txantrea Zona Libre de Desahucios kolektiboarekin. “Finantza erakundeei eta etxegabetzeak baimentzen dituzten instituzioei presio egin eta babes soziala areagotzeko aritzen gara elkarlanean”.Txantreako emantzipazio bulegoa
Helburua: Etxebizitza eskubidea.Kokapena: Txantreako Auzotegi Kultur Etxean (Iruñea).
Ordutegia: Astelehenetan 18:30etik 19:30era.
Lan-ildoak: Okupazioa eta alokairu prekarioak.
ARGIA ALDIZKARIA: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/emantzipazioa-okupazioaz-harago