Abiaraztear da Txantreako Gazte Euskaltegia, auzoko gazte sentitzen den euskaldun berri oro euskaldunduko duen proiektua. Txantreako Gazte Mugiemendutik jaio da ideia, auzoa modu autogestionatu eta parte hartzaile batean euskaldundu asmoz.
Hilabeteak dira Txantreako Gazte
Mugiemendua (eta, bereziki, proiektua mamitzeaz arduratzen ari den euskara
lantaldea) auzoko gazteria euskalduntze prozesuan bide berriak aurkitu nahian
dabilela; izan ere, azken urteotan gazteri euskaldun bat osatze bidean aurrera
pauso handiak eman baditugu ere, asko dugu oraindik egiteko. Horrenbestez,
orain arteko Gazte Mugimendua barne mailan euskalduntzeko sukaldeko lanetik
atera, eta kalera salto egiteko apostua egin dugu: azken urteetan zehar
geureganatu ditugun gaitasun eta kontzientziarekin, auzoko gazteria euskaraz
elikatzera goaz!
Sukaldetik kalerako saltoan, hala ere, ez
dugu gure bihotza, hots, Gazte Mugimendua bera ahantzi, eta beste proiektutxo
bat sortu dugu paraleloki, jadanik euskaldunak diren kide hoiek euskararen
borrokarekin ahaztu ez daitezen. Lagun giroan euskaraz aritzeko gune bat izango
da; jolas, film, eztabaida… eta bestelako baliabideak aitzakiatzat hartuta,
gune aske bat, euskaraz bizitze bidean. Hilabeteroko azken ostiraletan hartuko du lekua, 21:30etatik aurrera auzoko
Txorimalo tabernan normalean, afalorduko mahai bueltan. Urriaren bukaera aldera
egin genuen lehen saioa; hurrena azaroko azken ostiraletik Txantreako Jai
Txikietako ostiralera mugituko dugu. Euskara eta sexua izango ditugu mintzagai
bertan, aurrekoan bezala, jolas bidez planteatuko dugularik.
Gazte Euskaltegiaren
proiektura itzuliaz, urtarrilean hasiko ditugu klaseak. Momentuz, baldintza
fisikoak lotzen eta material didaktikoa prestatzen, eta kide izango ditugun
euskaldun berriekin harremana egiten ari gara, aurreko bi zereginak elkarlanean
egite aldera. Ondorengo formatua eman diogu kideekin batera urtarrilean hasiko
den Gazte Euskaltegiari: klaseak euskara taldeko kideek bideratuko ditugun
arren, ez dira magistralak izango, jolasetan eta dinamika arinetan oinarrituak
baizik. Izan ere, euskaldun berriak egunerokotasunean euskaraz komunikatzeko
gai izatea izango da helburua. Asteroko maiztasuna izango dute klaseek, eta
oraindik lekua zehazteke dagoen arren, auzoan bertan eramango dira
aurrera.
Luzera begirako proiektu
bat da esku artean dugun hau, hala euskaldun berriak nola orain artekoak
euskaraz bizitzeko apostura bildu nahi dituena. Oinarritik hasita, euskaldun
izan nahi duen auzo bat eraikitzera goaz.
Zatoz, zatoz! Sukaldetik
platerera, plateretik kalera, euskara goxatzera! ;)