2015/04/05

Burujabetza lortzeko prest dagoen gazteria bildu da Berriozarren

Iturria: Topatu.info
“Bidea ekinez, suntsitu eta eraikiz, antolatuz eta borrokatuz eskuratuko ditugu amesten ditugun helburuak”. Bide horretan eman beharreko urrats bakoitzaren garrantzian berretsi eta, norbanakotik abiatuta, herri burujabea eraikitzeko konpromisoa hartu dute Gazte Martxan bildu diren 2.000 gazteek. Herria mugarri izanda, pauso bakoitzak norbere egunerokoa eta norberaren izatea marrazten duela azaldu dute: “Haurtzarotik ezarritako sistemaren sokak hautsi eta aurre egiteko hautua gure bizitza bera ulertzeko modua da”. Ilusioz, gogoz eta indarrez, eta elkartasuna, konpromisoa eta kritikotasuna landuz, borrokaz eragingo dutela sinesten dute.

Pertsona askez osatutako herri askea eraikitzeko nahiak bildu ditu milaka gazteak Berriozarren: “Etxeetan aulki hutsik gabeko herria nahi dugu, bigarren mailako pertsonarik gabekoa, margenak erdigunean izango dituena”. Horretarako jotzen dute ezinbestekotzat gazte bakoitza borrokara batzea: “Gutako bakoitza, guzti bat osatzeko”.  Elkartuta garaiezinak direla iritzita, gogorarazi dute duela bi urte elkarrekin ekitea erabaki zutela Bidasoaren bi aldeetako gazte antolakundeek, gazte indarra batzeko, gazte boterea eraikitzeko. “Auzoz auzo, herriz herri, eskuz esku, txikitik handira”, aurrerantzean ere bide horretan jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

Urteetako borrokak ere izan dituzte gogoan, azpimarratuz lehen gazte borrokalaririk ezean ez zirela gaur Gazte Martxan batuko: “Modak, moldeak egoera eta garaiak aldatu badira ere, oinarri eta nahiak ez”. Gazteentzako duten eskaintza muga, debeku, inposaketa eta sumisioan oinarritzen dela uste dute, baina historiak erakutsi duela gazteria izan dela eta dela Euskal Herriaren motorea, “iraultzaren sua”. Hala izaten jarraitu dezan, nor bere buruaren jabe izan, ahaldundu eta oraina borrokatzera deitu dute.