2015/02/22

[HITZALDIA] Herri kurdua erresistentziatik iraultzara!

EMAKUMEEN BORROKA HIZPIDE

Gasteizen, Bilbon eta Donostian aretoak leporaino bete ondoren, astelehenean bukatuko da Iruñean kurduen hitzaldi bira.

Astebetez Euskal Herriko hainbat txokotan izango dira Kurdistango bi emakume ekintzaile, euren herriko borrokaren berri eman eta harreman sarea indartzeko. Bira horretan hainbat kolektibo eta instituziorekin biltzen ari dira, eta lau hitzaldi eskainiko dituzte, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Asteartean izan zen lehena Gasteizko Hala Bedi tabernan, Bilboko La Bolsan, atzo Donostiako Koldo Mitxelenan eta astelehenean 18:00etan Iruñeako Katakraken izango dira. Orain arteko saioetan leporaino bete dituzte aretoak.

Ernai gazte antolakundeak gonbidatuta etorriko dira, eta pasa den urtean hasi zuten prozesu feministari ekarpena egitea da hitzaldi bira honen helburua. Izan ere, Kurdistango askapen mugimenduaren eta proiektu politikoaren ezaugarri adierazgarrienetakoa da feminismoa eta emakumeen borroka.