NAIZ.EUS Iruñeko Txantrea auzoko gazte mugimenduak kooperatiba bat sortzea
erabaki du, aukera izan dezaten auzotarrek auzoarentzako proiektuak
garatzeko haren barruan. Hilabete hasieran aurkeztu zuten egitasmoa eta
hura gauzatzeko lehen eginbeharrekin ari dira. Ondo bidean, ekainerako
eratuko dute aspaldiko kezka bati erantzuna den Gakoa kooperatiba.
2012an mugimenduak auzoko gazteen egoera aztertu zuen, 15 eta 35 urte
arteko 350 gazteri elkarrizketa eginez. «Bakoitzaren kezkak eta nahiak
atera genituen», gogoratu du kooperatibaren sustatzaileetako bat den
Miren Leuzak. Datuekin diagnosia egin zuten eta, besteak beste, lanaren
inguruan kezka handia zegoela ikusi zuten. Horiek horrela, esparru
horretan jarduteko taldetxoa osatu zuten eta hainbat kanpaina egin
dituzte urteotan. Lau kide ari dira egun buru-belarri alor horretan eta
iaz kooperatibaren ideia bururatu zitzaien.
Eredu propio baten inguruan antolatu duten kooperatibak bi helburu
nagusi ditu. Batetik, «ahal den heinean egungo sistema kapitalista
heteropatriarkaletik at geldituko den lan eredua»; bestetik, arlo
guztietako proiektuak garatzeko baliabideak eskaintzeko tresna izatea.
Horren bidez, euren balioak barneratzen dituen lan mota sortu nahi
dutela zehaztu du kideak. «Giro euskaldunean sortu nahi dugu proiektu
oro. Kooperatibista izateko euskalduna izan behar duzu edo behintzat
euskara ikasten aritu. Badakigu horrekin jendea galtzen dugula, baina
hasieratik esan dugu balio batzuen gainean eraikiko genuela.
Parekidetasuna, berdintasuna, ekologia...».
Negozio guztiak enpresaren baitan egikarituko dituzte. Ez dute
irabazi asmorik, beraz, etekinak enpresan berrinbertituko dituzte,
egitasmo berriak finantzatu, piztu edo bultzatzeko. Hau da, «hilean edo
urtean ditugun gastu guztiak eta langileen soldatak ordainduta sobera
dagoen guztia kooperatibarentzat izango da. Gerta daitekeen edozein
arazotarako edo beste proiektu batzuk sortzeko», argitu du gazteak.
Edonork proposa dezake ideia bat, eta batzarrean aukeratuko dute zein
landu. Jada garatu dute lehena, Txantreako identitatearen ikur izatea
nahi duten Ama-Gi artisau garagardoa, eta beste proposamen batzuk
aztertzen ari dira: gimnasio herrikoia, serigrafia eskolak, haur
ludoteka… Esku artean dute taberna bat irekitzea ere. Inguruan
itxitakoek gazteak elkartzeko toki faltan utzi dituela ohartu ziren eta
udalak auzoari eman dion salestarren eraikinean kokatu nahi dute.