NAIZ.EUS Iruñeko Txantrea auzoko gazte mugimenduak kooperatiba bat sortzea erabaki du, aukera izan dezaten auzotarrek auzoarentzako proiektuak garatzeko haren barruan. Hilabete hasieran aurkeztu zuten egitasmoa eta hura gauzatzeko lehen eginbeharrekin ari dira. Ondo bidean, ekainerako eratuko dute aspaldiko kezka bati erantzuna den Gakoa kooperatiba.
2012an mugimenduak auzoko gazteen egoera aztertu zuen, 15 eta 35 urte arteko 350 gazteri elkarrizketa eginez. «Bakoitzaren kezkak eta nahiak atera genituen», gogoratu du kooperatibaren sustatzaileetako bat den Miren Leuzak. Datuekin diagnosia egin zuten eta, besteak beste, lanaren inguruan kezka handia zegoela ikusi zuten. Horiek horrela, esparru horretan jarduteko taldetxoa osatu zuten eta hainbat kanpaina egin dituzte urteotan. Lau kide ari dira egun buru-belarri alor horretan eta iaz kooperatibaren ideia bururatu zitzaien.
Eredu propio baten inguruan antolatu duten kooperatibak bi helburu nagusi ditu. Batetik, «ahal den heinean egungo sistema kapitalista heteropatriarkaletik at geldituko den lan eredua»; bestetik, arlo guztietako proiektuak garatzeko baliabideak eskaintzeko tresna izatea. Horren bidez, euren balioak barneratzen dituen lan mota sortu nahi dutela zehaztu du kideak. «Giro euskaldunean sortu nahi dugu proiektu oro. Kooperatibista izateko euskalduna izan behar duzu edo behintzat euskara ikasten aritu. Badakigu horrekin jendea galtzen dugula, baina hasieratik esan dugu balio batzuen gainean eraikiko genuela. Parekidetasuna, berdintasuna, ekologia...».
Negozio guztiak enpresaren baitan egikarituko dituzte. Ez dute irabazi asmorik, beraz, etekinak enpresan berrinbertituko dituzte, egitasmo berriak finantzatu, piztu edo bultzatzeko. Hau da, «hilean edo urtean ditugun gastu guztiak eta langileen soldatak ordainduta sobera dagoen guztia kooperatibarentzat izango da. Gerta daitekeen edozein arazotarako edo beste proiektu batzuk sortzeko», argitu du gazteak. Edonork proposa dezake ideia bat, eta batzarrean aukeratuko dute zein landu. Jada garatu dute lehena, Txantreako identitatearen ikur izatea nahi duten Ama-Gi artisau garagardoa, eta beste proposamen batzuk aztertzen ari dira: gimnasio herrikoia, serigrafia eskolak, haur ludoteka… Esku artean dute taberna bat irekitzea ere. Inguruan itxitakoek gazteak elkartzeko toki faltan utzi dituela ohartu ziren eta udalak auzoari eman dion salestarren eraikinean kokatu nahi dute.







